2017/10/17

Helburuak

Heziketa ereduari begira, heziketa osoa da Malkar Astialdi Taldeak garatzen duena, hau da, pertsonaren alderdi guztiak kontuan izango dituen heziketa eredua. Horretarako erabiliko den pedagogia, pedagogia eraginkorra izango da. Pedagogia eraginkorra esatean ondorengoa esan nahi dugu: gazteen behar eta ahalmenei begira dagoena, ez hezitzailearen asmo eta beharrei begira, hezitzaileak sartu nahi dizkion edukiak baino, gazteek esperientziaren bidez ikasten dutena garrantzitsuagoa delarik.

Ekintza da beraien heziketa lanaren ezaugarri nagusia, ez edukiak edota kontzeptuak. Ekintzen artean garrantzi berezia dute jolasek, dinamikek, komunikazio ekintzek, naturarekiko harremanak, jai eta ospakizunek, eta orokorrean, gizartean konpromiso bat hartzera bultzatzen eta gazteei pertsona bezala aldatzeko eta aberasteko lagungarriak izango zaizkien ekintzek.

Hala ere, begiraleen heziketa lana ez da ekintza hutsean gelditzen, aurrez gogoeta sakona egiten baitugu, hau da, ekintza orok ditu kausa eta helburu jakin batzuk. Horrela, ekintza-gogoeta-ekintza eskema burutua sortzen da. Guzti hau aurrera eraman ahal izateko heziketa baliabide garrantzitsua da, eta heziketak talde izaera du ardatz, beraz, taldea da heziketa xedeak lortzeko zutabe garrantzitsuenetako bat. Horrela, taldean bizi eta ikasi ohi dituzte gazteek errespetua, berdintasuna, elkarrekikotasuna, solidaritatea eta enpatia bezalako kontzeptuen esperientziak.